HEZKIDETZA: PROIEKTUA
Gure gizartean, uste hau oso zabalduta dago: emakumeen eta gizonen berdintasuna ia-ia lortuta dago. Egia da badirela berdintasuna bermatzen eta genero-indarkeria deuseztatzen saiatzen diren legeak eta plan instituzionalak. Halaber, emakumeek lan-merkatuan parte hartzen dute, hezkuntza-maila guztietara eta kulturara hel daitezke, eta horiek, zalantzarik gabe, bidean aurrera egitea dakarte. Hala ere, oraindik gizartean berdintasun-gaietan dagoen defizit garrantzitsua erakusten dute hainbat datuk: lan-merkatuari buruzkoek; ekonomiaren, kulturaren eta zientziaren alorretan erabakiak hartzeko esparruetan emakume gutxi daudela adierazten dutenek; partaidetza soziopolitiko baxua erakusten dutenek; etxeko lanaren eta zainketen banaketa desorekatua azaltzen dutenek; emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoek; pobreziari
buruzkoek eta abarrek.
Hezkuntza-sisteman ere aurrerapen handiak egon dira. Izan ere, derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko mailetan, gaur egun, ikasle gehienak emakumeak dira. Irakaskuntza mistoa, irakaskuntza publikoaren eta itunpeko ikastetxe eta ikastetxe pribatu ia-ia guztien eredua izatea lortu da.
Honetaz gain, arau-esparru zabal batek eskolan berdintasunezko gizarte baten alde lan egin dezala eskatzen dio hezkuntza-sistemari. Gertaera horiek asko indartu dute uste hau: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortu da hezkuntzaren esparruan. Irudikeria hori indartzen dute, gainera, beste datu hauek: nesken emaitzak hobeak dira; etapa guztietan, errendimendu akademiko hobea dute; eskola-porrotaren eta
eskola uztearen tasa txikiagoak dituzte; eta gero eta emakume gehiago daude maskulinotzat jo izan ziren karreretan. Hala ere, ikerketek erakusten digute nesken eta mutilen arteko harremanek asimetrikoak izaten jarraitzen dutela, eta egoera asko abusuan oinarrituta daudela; gaitasunak, trebetasunak eta bizitza-proiektuak
generoarekin loturik daude oraindik; curriculum-edukietan, emakumeen ekarpenak ez dira ikusten, eta sexismoa eta genero-indarkeria nerabeen eta gazteen bizitzen garapenean eragiten ari diren errealitateak dira.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, plan honen bidez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun horiek gainditu daitezen nahi du, eta genero-indarkeria eta sexismoak eragindako indarkeria-mota guztiak deuseztatzen lagundu nahi du, hezkuntzaren eremutik. Alde horretatik, oso garrantzitsua da azpimarratzea eskolak leku pribilegiatua eta estrategikoa duela, gizartea berdintasunezkoa eta bidezkoa izan dadin laguntzeko.
Hona hemen erronka horietako batzuk:
A. Hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredua sakon aztertzea, eta genero-ikuspegia ikastetxeetako kultura eta praktiketan sartzea planteamendu integral batez.
B. Ikasleak orientatzea, bizitzan, ikasketetan eta lanbidean bidea aukera dezaten, askatasuna eta aukera-aniztasuna errespetatuz eta genero-baldintzapenik gabe.
C. Genero-ikuspegia eskola-porrotari aurre egiteko ekimenetan sartzea, eta hezkuntza jasotzeko eskubidea benetan unibertsala dela ziurtatzea, bai eta neska eta mutil guztiek hezkuntza sisteman jarraitutasuna izan dezaten bermatzea ere, ikasle guztien aniztasuna aintzat hartuta (etnia, kultura, ekonomikoa, gizarte mailakoa, funtzionala, sexuala, etab.).
"NAHIKO" berdintasunerako, errespeturako eta biolentzia-ezarako Hezkidetza programa da.
Berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da. Horretarako, ikasleak sozializatzen dituzten genero rolen azterketan eta giza eskubideetan oinarritzen da, bereziki eguneroko bizitzan eta harremanetan finkatuz.